2021/09/21
Euskaraz praktikatu nahi? Lagun berriak egin nahi? PRAKTIKATU EUSKARAZ GUREKIN
Ikasturte berriarekin batera, martxan da berriro ere Santurtziko Berbalagun programa. Honako hau hamahirugarren ikasturtea izango da: azkeneko biak zailak eta bereziak izan badira ere, espero dugu hau gure betiko jardunera ahalik eta ondoen itzultzeko ataria izatea.
Hizkuntzaren ikaskuntzan, alboan utzi ezin daitekeen kontua da ikasitakoa praktikan jartzea, ez da gauza berria; euskara praktikatzeaz gain, jende berria ezagutu, euskararen munduan murgildu eta, finean, euskaraz bizitzeko aukera izango du izena ematen duenak.
Berbalagun euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza. Bertan, edozeinek har dezake parte, euskaltegiko ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea izan, euskaltegitik igaro gabeko euskalduna... Betiere, gutxieneko komunikazio maila izan behar da (B1). Markelek, Anak, Jonek, Leirek, Begok, Endikak, Karlosek, Sandrak, Natxok, Nekanek, Elenak... euskaraz praktikatu nahi dute, eta zuk? Taldeak, oro har, astero elkartzen dira ordubetez taberna edo kafetegi batean, baina egoerak bultzatuta bestelako formatuak ere sustatu ditugu azken boladan, paseatzeko taldeak, adibidez.
Asteroko talde arruntez gain, badira zaletasun baten inguruan elkartzen diren talde bereziak: Mendilagun, Irakurzale Kluba edota Kantulagun... Eta berbalagunek sortu nahi dutena sortzeko aukera ere badago, noski. Azkenik, online taldeak ere sortu ziren iaz egoera berriari aurre egiteko asmoz.
Dena den, ezin dugu ahaztu oraindik ere oso egoera berezian gaudela. Hori dela eta, berbalagunak elkartzen direnean beharrezko segurtasun neurri guztiak aintzat hartuko dira, eta proiektuaren zutabe garrantzitsua diren ekitaldietan ere errealitate berrira moldatuko gara guztion osasuna eta lasaitasuna bermatze aldera.
Parte hartzea DOHAINIK da, eta hamaika abantaila daude; deskontuak, opariak... Gainera, izena ematen duzuenon artean hilero-hilero 10 SARI-KUTXA zozketatuko ditugu.
Izena emateko bideak
Izena eman nahi dutenek Santurtziko AEK euskaltegian, Udal Euskaltegian edo Euskara Zerbitzuan dute izena emateko aukera, baita telefonoz edo whatsaspp bidez (678 422 573), e-mailez (santurtzi_berba@aek.eus) edota Internet bidez (praktikatu.eus) ere.
Informazio gehiagorako eta ekitaldien berri izateko blog-a ere badago:
www.praktikatu.eus/blog/santurtzi
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario